Historia

Irmotasun- eta ahalegin-istorio bat.

Jauregi baten historia

Oilarraren Jauregi edo Adán de Yarzaren Jauregi ere deitzen zitzaion Urgoiti Jauregiari. On Miguel Vélez de Larreak eraiki zuen XVII. mendearen amaieran, Galdakaon, eta Adán de Yarzaren leinuarena izan da beti.
Urgoiti Jauregia berez Galdakaon zegoen, Mungiatik 15 km-ra. Haren berezko kokaleku estrategikotik Arratiako eta Zornotzako bideak gainbegiratzen zituen. Bizkaiaren historiako hainbat gertakariren agertoki izan zen, eta bisitari ospetsuen topagune ere bai, tartean On Carlos Borboiko Infantea. Adán de Yarza aipagarri asko izan ziren jauregi horietan edo haien aurreko dorreetan, hala nola Rodrigo Adán de Yarza, historian ospetsu bihurtzen hasia zena, 1338az geroztik Bizkaiko foruko alkate gìsa.

Harriz harri

Berreraikuntza

1968an, Bilbo-Behobia autobidea eraikitzearekin batera, jauregia desjabetu eta eraitsi egin zen, jabeak, José María Solano Gil-Delgado Adán de Yarzak, garai hartako agintariei behin eta berriro eskatu zien arren saihets zezatela. Ondorioz, jabeak hura desmuntatzea eta harriz harri zenbatzea erabaki zuen. Harriak 30 urtez gordeta egon ziren, jauregia berreraikitzeko une egokiaren zain.

30 urte geroago

Irmotasuna eta ahalegina

1983an, Euskal Herriak gure garaiko uholde larrienetako bat jasan zuen; gertakari hark jauregia berreraikitzeko aukerari eragin zion, planoak galdu eta harriak hondatu baitziren. Salbatu zen dokumentazio urria berreskuratu zenean, jatorrizko eraikina osatzen zuten harriak ordenatu, sailkatu eta katalogatzeko prozesu motel eta luzea hasi zen: harriz harri neurtu da, puzzle bat ia ezerezetik birsortu balitz bezala.

Hiru mende familia berean

Oraina

2004an, Urgoiti Jauregiaren benetako berreraikuntzari ekin zioten, lehen harria jarriz. Material nobleak erabili dituen berreraikuntza eredugarri honek Urgoiti Jauregiaren jatorrizko estiloari eta trazadurari eusten dio, eta Bizkaiko jauregi-arkitekturako harribitxi bikain honetaz gozatzen jarraitzeko aukera ematen digu.
Ez da ahaztu behar, gutxitan gertatzen baita, hiru mende baino gehiagoren buruan bai Zubietako Jauregiaren bai Urgoiti Jauregiaren jabetzak familia berean jarraitzen duela.